XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kultur kronika. Salto batean. SUSA, jo ta kean!

Kronika hau izkiriatzerakoan, kaleratzear zegoen SUSA literatur aldizkariaren 16. alea.

Agian, dagoeneko, kalean dabil bere itzulpenari buruzko dossierraz, zenbait saio (horien artean, F. J. Mendiguren eta J. A. Arrietarenak), Rosalia de Castro eta Jorge Amado brasildarraz zertxobait, eta baita Louis Aragon frantsesaren lanetaz Iñaki Uria-k ekarria; eta guzti honi poesiak tartekatuko zaizkiolarik.

Ohizko sarrerak, berriz, kristalak eta guzti hautsiko omen dituelakoan, haien esperoan gaude irrikaz.

Beste bi liburu ere plazaratu du SUSAk, aldizkariaz gain.

Jada, 20. liburua inprimatzeraino ailegatu dira susalariak.

Azkenengo hauek: Iñaki Zabaleta-ren eskutikako 110. street-eko geltokia, New York-en idatzi eta kokatu nobela beltz gisakoa; eta bestea, Ho Chi Minhe-n Gartzelako egunkaria poema liburuaren itzulpena.

Ho Chi Minhe-k gartzelan idatzitako liburu hau Herrera de la Mancha-n dagoen Iñaki Aramaio-k itzuli du: ekialdeko sensibilitate berezia bere 101 poema laburretan euskaraz gozatzeko aukera ezin hobea duzu.

Itzulpena, benetan zoragarria...

Euskadiko Bertsolari Txapelketa aste honetan hasiko

Aurtengo txapelketak aldaketak dakartza.

Zenbait fase izango ditu: hasera batean herrialdeka jokatuko da, eskualdekako kanporaketan alegia.

Honela, Gipuzkoan emango ditugun egun eta herrietan ospatuko dira: azaroan 2an Azkoitian, 3an Beasainen, 16ean Oinatin, 17an Hernanin, 30ean Eibarren, abenduak 1ean Oiartzunen, 14ean Urretxun eta 15ean Zarautzen.

Bizkaiari dagokionez: urriak 27an Gernikan, azaroak 3an Laudion, 10ean Ondarrun, 17an Mungian, abenduak 8an Markinan eta 15ean Algortan.

Kanporaketa guzti hauek egin eta berehala, aukeratuen artean azken finalak burutuko dira: bertara, Nafarroa eta Iparraldetik Xanpun eta beste zazpi bertsolari joanen dira; Gipuzkoatik zazpi semifinalista, eta aurtengoan irtengo diren beste 9, eta Bizkaia-Arabatik beste 8.

Bertsolari hauek beren semifinalak jokatuko dituzte, herrialde bakoitzeko txanda banan: otsailak 2an Gasteizen, 9an Saran, 16ean Bergaran, eta 23an Durangon.

Azkenean, semifinalak martxoak 9 eta 16ean Tolosa eta Bilbon suertatuko dira, taldeka.

Eta amaitzeko, martxoak 23an finalak Donostian, Amuritza, Lopategi (iazko txapeldun eta bigarrena) eta beste sei bertsolariren artean.

Antolaketa sakabanatu honekin, erakunde bakar baten eskutan utzi ordez, saio bakoitzaren ardura herrietara pasatzen da.

Honek, bertsozale frango eta mugimendua indartsua sortuko badu ere, beharbada epaimahaiekin arazoak zeratzeko arriskurik badago, bertan epaile askok hartuko bait du parte.

Bertsolarien eskariak, hain zuzen, epaimahaitakoen izendapenean aukera izan zezaten horretan zentratu dira batipat.

Epaiek eritzi bateraketz joka dezaten espero dugu.

Euskal prentsa agentzian pentsatzen

Euskadiko kazetaritzan dabilen hainbat pertsonari projektu eta kontseilu eske zuzendu zaio Eusko Jaurlaritzako Josu Legarreta.

Eta dagoeneko, besteak beste, Egin eta Deia-ko zuzendariak eta beste kazetari batzu euskarazko berriak zabalduko dituen agentziaren projektuak prestatzen dihardute.

Proposamenek azaroaren 4ean dute epea.

Erizpideak: alde batetik, agentziak bere kasa produzituko duela, eta bestalde, merkatuko beste agentziekin konpetitiboa izan beharko duela.

Halere, erne! Eusko Jaurlaritza projektuak bereganatu eta original bihurtzen espeziala duzu eta.

Gorka Calicó.